Joaquín
Maya Musika Eskola Bereziak II. Aste Historikoa ospatuko du
Joaquín Maya Musika Eskola Bereziak bigarren Aste Historikoa eginen du
ikasturte honetan, oraingoan Barrokoko musika ardatz harturik. Aste Historikoa
iaz hasi zen egiten, Erdi Aroaren eta Errenazimentuaren inguruan, eta txoko bat
izanen du ikasmaila guztietan, halako moduan non urtero musikaren historiaren
garai bati helduko baitzaio, Erdi Aroan hasi eta gaur egunera arte. Horrela,
ikasleek, Eskolan matrikulatuta dauden bitartean, oinarrizko ezagutza jasoko
dute garai guztietako musikei buruz.
II. Aste Historikoa maiatzaren 20an hasiko da, astelehenarekin, eta
horren kariaz, Eskola girotuko dugu, apaingarriz eta musikaz. Erakusketa didaktikoa ere egonen da,
aurten ezagutarazi nahi den garaiko mugarrien ingurukoa. Aste osoan zehar,
taldekako eskoletan, irakasleek entzunaldi iruzkinduak, bideo-proiekzioak eta
bestelako jarduerak programatuko dituzte.
Hona hemen II. Aste Historikoaren harira Musika Eskolako
ekitaldi-aretoan eginen diren ekitaldi
nagusiak:
Maiatzaren 22an, asteazkenarekin, 20:00etan, Juan Carlos
Aoiz irakaslearen tronboi-ikasleek kontzertua emanen dute,
“Tronbarrokoak” izenburupean.
Hilaren 23an, ostegunarekin, geure ekoizpen bat estreinatuko dugu: Kontzertu barrokoa: omenaldia Juan
Sebastian Bach-i. Kontzertu honetan Eskolako ikasleek eta irakasleek
joko duten musika barrokoa izanen da entzungai, eta, baita ere, Pequeño
libro de Anna Magdalena Bach liburuko zenbait irakurgai. Bi kobntzertu eginen dira: 17:30ean eta 18:30ean.
24an, ostiralarekin, 18:30ean, kontzertu didaktikoa eskainiko
dugu Danserye taldearen eskutik.
II. Aste Historikoari ekainaren 3an emanen zaio buru,
Iturramako Civivoxean, Eskolako ikasle eta irakasleek oholtza gainera
eramanen duten musika-antzerkiaz: Joaquín eta maiak, moda-modako
antzerkia. Bi emanaldi egonen dira, 18:00ean eta 19:30etan. Francesco
Scholamúsica da pertsonaia nagusia, lurra jotzekotan dagoen opera-enpresaria. Eskuidatzi bat aurkitu du, eta horretan
orain arte erdietsi ez duen arrakasta lortzeko sekretua dagoela uste du:
Benedetto Marcelloren[1] "Antzerkia moda-modan". Enpresariaren etxean gertatzen da
dena, bertan entzunaldiak eta elkarrizketak egin behar baititu prestatzen ari
den hurrengo operarako: Joaquín eta
maiak. Hautaketa eskuidatzi horren jarraibideekin bat egingo du...
[1] Benedetto Marcellok izenik gabe argitaratu zuen, 1720an, Il teatro
alla moda (Antzerkia moda-modan,) garaiko opera-munduaren gaineko
satira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario