lunes, 23 de febrero de 2015

Eskola, solidarioa

Iruñeko Joaquín Maya Musika Eskola Berezia, solidarioa

421/1992 Foru dekretuak, Musika eta Dantza Eskolen sortzea eta funtzionamendua zuzenduko duten oinarrizko arauak ezartzen dituenak, bere Atarikoan dioen bezala, kultur zabalkundea da eskola horien eginkizun nagusietako bat, musikaren ezagupen eta ederrespena bultzaturik eta musika-tresnak jotzearen osagarri den musika-irakaskuntza emanik.

Prestakuntza marko zabal horren barruan, beste hezkuntza-ildo bat urratu nahi dugu jardun solidarioko programa baten bidez.  Programa horren helburu nagusia da gure ikasleak hainbat egoera sozial eta ekonomiko gogorren aurrean sentsibilizatzea, betiere kontuan harturik bere latzean ere egoera horiek ez dutela eragozten herrialde azpigaratuetako mutil eta neskek ilusioz beterik ekitea musika-ikasketei.

Sentsibilizazio eta ekimen solidarioko programa hori hasteko, zehazki, musika-irakaskuntzako bi proiektu hauei emanen zaie laguntza:

-                         Haitin garatzen ari den proiektu bati, ia 50 urte dituen musika-prestakuntzako ekimen batean, Port-au Princeko L’École Sainte Trinité eskolan. Proiektu honetan gure Eskolako zenbait irakasle ari dira parte hartzen.
-                         Bigarrena Ugandako iparraldean dagoen Moyo herrian egiten ari da, eta proiektuak Vura music project du izena. Aritz Azparren dugu proiektuaren buru, Diario de Noticias egunkariak eta Bikaintasunerako Nafar Fundazioak sustatutako Herritar Bikaintasunari emandako saria berriki irabazi duena.



Geroan egin daitezkeen ekintzez gain, hasiera batean honako hauei helduko zaie:

-                         Erakusketa iraunkorrak Joaquín Maya Musika Eskola Berezian. Haietan aipatu herrialde horien errealitatea emanen da ezagutzera eta, zehazkiago, musika-hezkuntzaren arloan garatzen duten jarduerarena.
-                         Haitiko eta Ugandako musika-materiala ezagutu eta jorratuko da. Gero, interpretatzen ahalko da material hori Eskolako kontzertu eta entzunaldietan.
-                         Haitin eta Ugandan egindako lanaren segimendua eta hedapena, Eskolako sare sozialetan.
-                         Diru-funtsak jasotzea, laguntzaren xede diren herrialdeetan eduki ditzaketen behar jakin batzuk estaltzen laguntzeko. Hezkuntza-erkidegoari une orotan emanen zaio jakitera zenbat diru bildu den eta kopuru hori zertan erabili den, gastuz gastu xehekaturik.
-                         Eskolako hezkuntza-erkidegoko kideek eman nahi duten musika-materiala jaso eta bertara igortzea.

















Sentsibilizazio eta ekimen solidarioko programa hau Joaquín Maya Musika Eskola Berezian modu iraunkorrean segitzeko asmoz sortu da, eta irekita dago hezkuntza-erkidegoko kide guztiek parte har dezaten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario